XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ERREPORTAIA KARRANTZAKO PARKE EKOLOGIKOAK 200 ESPEZIE DITU

Zoologikoa baino ederragoa

Ez zaude zoologiko batean.

Iberiar eta europar faunadun parke batean zaude, dio Bizkaia Parke Ekologikoaren sarreran ematen dizuten katalogoak.

Karrantzako udalerrian kokaturiko 20 hektareako lursailean dago berau.

Hantxe bisitariek hurbil-hurbiletik ikus ditzakete berrehun bat espezie.

Baina parkeko basurdeak, oreinak edo otsoak ez dira arruntak.

Beste hainbat animalia bezala, bertako sendategira heldu ziren zauriturik eta, arrazoiren batengatik berriro aske bizi ezin zutenez, parkean geratu behar izan zuten.

MATXALEN SOTILLO

KARRANTZAKO haran ikusgarriari begira dagoen La finca de Carpín edo La finca del barbero izeneko etxe izugarri handia itxita egon zen urteetan.

Eta dena hondatzen hasia zen.

Bizkaiko beste puntan, Garain hain zuzen, bazegoen 1983tik Xabier Maiztegi albaitariak zuzendu eta Foru Aldundiak babesten zuen Basabereen Birgaikuntza Zentrua, txikiegi geratzen ari zena, berriro askatu ezin zituzten animaliak gero eta gehiago baitziren.

Batak bestearekin topo egin eta, iazko ekainean Bizkaia Parke Ekologikoa sortu zen.

Egun guztietan egoten da zabalik.

Hortxe, ingurune ikusgarri batean, badago alde batetik bisitatu ezin den Birgaikuntza zentrua.

Sendategian dauden animalia basatiak, sendatzen badira behintzat, askatu egiten ditugu berriz ere.

Horregatik gizakiekin ahalik eta harreman gutxien edukitzea komeni da, azaldu du Itziar Maiztegi zuzendari ordeak.

Zentru honetatik urtean zehar 300 bat animalia pasatzen dira.

Bestetik, iazko ekainetik abendura arte 40.000 bisitari izan zituen parkea bera dugu eta parkean badaude elbarritasunengatik edo gatibutzaren ondorioengatik askatu ezin diren animaliak, baina baita flora ere.

Adibidez, ehun bat zuhaitz mota ikus daitezke.

Aspaldiko jabeek aldatutako 50 urteko magnoliak, Ameriketatik ekarritako Lawson altzifreak, eta haritza, artea edo gorostia bezalako zuhaitz autoktonoak.

Badaukagu hagin bat ere, oso arraoa dena azaldu du Itziar Maiztegik.

Aurten parkeko arduradunak hasi dira bide ondoko zuhaitzak izendatzen eta dagoeneko 200 batek erakusten dute latinezko izena, gaztelaniazkoa eta euskarazko karteltxo batzuen bidez.

Asturiasko hartzak

Hala ere, ikusgarriena animaliak dira.

Hurbil-hurbiletik ikus daitezke, beraien instalakuntzak jarraitu behar den bide ondoan baitaude.

Instalazioak ahalik eta handien egiten saiatu gara, eta hesiak ahalik eta txikien, disimulaturik gera daitezen, azaldu du Itziar Maiztegi biologoak.

Sarreraren ondoan badago poney bat, gero oreinen lekua, haruntzago basurdeak... eta animalia bakoitzak badu bere historia.

Esate baterako, poneya zirko batetik ekarri zuten; orein batzuk kumeak zirela eraman zituzten Birgaikuntza Zentrura.

Oso zaila da biberoiz hazitako basabereak berriro askatzea, adierazi du Maiztegik.

Bide nagusiari jarraiki, adarzabalen talde bat dago eta ondoren dordokak.

Jendeak etxean edukitzeko dordokak erosten ditu, baina gero nekatu egiten da eta edozein ibaitan askatzen ditu, dio zuzendari ordeak.

Ur hegaztien artean Bilboko parkeko ahate batzuk daude.

Gaisorik daudelakoan ekartzen dizkigu jendeak.

Sendatzen direnean, berriro eramaten ditugu hirira.

Eta ahateen ondoan Asturiasko zentru batetik ekarritako bi hartz, biak emeak.

Guk ez dugu ugaltzeagatik ugaldu nahi.

Gainera holako animaliak naturan berriro sartzeko politiken ondorioak ez dira onak izan, oraindik jendearen arbuioa handia baita, adierazi digu biologoak.

Bestalde, kaiola batzutan basakatuak, katajinetak eta azkonarrak ikus daitezke, besteak beste.

Hegan egin ezin duten hegaztiak

Hartzak, otsoak edo azeriak hurbiletik ikustea harrigarria da, baina hegoetan zauriak izan zituztelako hegaz egin ezin duten hegaztiei begiratzea ere miresgarria.

Hegaztirik ere badago parke honetan, leku ezberdinetan banandurik.

Beti lurrean ibiltzen diren bi zikoin eta bi koartza elkarrekin daude bere urmael eta guzti.

Beste lursail batean, saiak eta belatzak daude hurbiltzen direnei so.

Gero kaiola handi batzuetan banatuta, zenbait miru beltz, miru gorri, aztore, gabirai...

Giltzapean egon behar dute, azeriak etorri eta triskantzak egiten dituztelako, adierazi du Itziar Maiztegik.

Eta beste lursail batean gaueko harrapariak daude.

Araban hontza handiak desagertzear daude eta hara eraman ditugu gazte batzuk, azaldu du biologoak.